Aretxabaleta eta Eskoriatzako DBHko 220 ikaslek hartu dute parte Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean egindako Gazte Mintzodromoan.
Pasa den ostiralean, hilak 2, Eskoriatzako eta Aretxabaletako 220 gaztek hartu zuten parte Aretxabaletako campusean egindako Gazte Mintzodromoan. Euskararen Egunaren harira, DBH 3. eta 4. mailako ikasleek euskaraz hitz egin zuten euren intereseko gaiei buruz Aretxabaletako eta Eskoriatzako Udalek antolatutako ekitaldian. Dinamizatzaile lanak eginda, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko 12 ikaslek esku hartu zuten ekitaldian.
Zortzi laguneko taldetan jarrita, eta dinamizatzaile baten laguntzarekin, Eskoriatzako Arizmendi Ikastolako Almenetik eta Aretxabaletako Kurtzebarri Herri-Eskolatik etorritako gaztetxoek jorratu zituzten lau gai desberdin: musika, aisialdia, sare sozialak eta aktualitatea. Gainera, Instagram sare sozialera argazkiak igota, ikasleek parte hartu zuten lehiaketa batean.
Mintzodromoaren helburuak ziren, batetik, Leintzeko adin bereko gaztetxoak elkar ezagutzea, testuinguru informal batean euskaraz jarduteko aukera ematea eta, jakina, Euskara Eguna ospatzeko, goiz entretenigarri bat pasatzea.
Aurtengoa izan da Gazte Mintzodromoa egiten den lehenengo aldia, eta Aretxabaleta eta Eskoriatzako Euskara Batzordeen ekimenez egin da.
Iturria:mondragon.edu