EKITEN topaketa.
Mondragon Unibertsitateak gaur Ekiten topaketa egin du 140 ikasleren aurrean, unibertsitateko ekintzaileentzako lehiaketa horren berri emateko. Edizio honetan, gainera, landa-ingurunea garatzeko ideiak sortzea sustatu nahi izan da. Hori dela eta, Mondragon Unibertsitateko erretoreorde Jon Altunak aurkezturiko topaketan Debagoieneko eta Debabarreneko landa-garapeneko agentzietako ordezkariak izan dira, eta beren landa-garapeneko estrategiak aurkeztu dituzte, datozen urteetan jorratuko dituzten bideak ezagutzera emateko. Ondoren, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko antolakuntza-arloko irakasle-talde batek dinamika bat garatu du bertaratuekin, landa-ingurunea garatzeko ideiak sortzeko. Gero, ikasleek ideia horiek sakondu eta lehiaketan aurkeztuko dituzte.
Kategoriak eta sariak
VIII. edizio honetan bi kategoria izango dira: Enpresa-ideia berriak eta Landa Ingurunea Garatzeko Ideiak eta Proiektuak. Kategoria bakoitzeko talde-irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, 500 euro talde bakoitzeko. Lehiaketa urtez urte indarra hartzen joan da, eta ikasleen artean enpresa-ideia berriak eta espiritu ekintzailea sustatzea du helburu, baita diziplinarteko taldeen arteko lana bultzatzea ere. Proiektu bideragarrienak, eta enplegu eta aberastasun gehien sortzeko gaitasuna dutenak sarituko dira. Joan zen urtean, guztira 165 ikaslek 57 proiektu aurkeztu zituzten.
Aurkeztuko diren proiektuak ebaluatzeko irizpideak honako hauek izango dira: ideia horrek aberastasuna eta enplegua sortzeko izango duen inpaktua; proposamenaren bideragarritasuna; lan-taldearen diziplinartekotasuna, eta ideiaren originaltasuna eta izaera berritzailea.
Ikasleek bakarka edo gehienez lauko taldeetan parte hartu ahal izango dute, eta enpresa-jarduera berri baten inguruko ideia bat aurkeztu beharko dute. Parte-hartzaileak Mondragon Unibertsitateko edozein titulutako ikasleak, graduondoko ikasleak eta doktoretza egiten ari direnak izan daitezke.
Enpresa Ideia Berrien lehiaketaren kasuan, aurkeztuko diren ideiak edozein diziplina akademikotakoak edo sektoretakoak izan daitezke, eta jarduera berrien, produktu, prozesu edo zerbitzu berrien eta negozio-ildo edo -eredu berrien inguruko ekintzailetzako ekimenak garatu ahal izango dituzte.
Landa Ingurunea Garatzeko Ideien eta Proiektuen kategorian, landa-inguruneak eskaintzen dituen aukera anitzak aprobetxatzea bilatzen dute antolatzaileek, baita abeltzaintzako eta nekazaritzako sektoreekin lotura zuzena duten jarduerek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzea ere. Horien barruan sartzen dira landa-inguruneko herrien garapena sustatuko duten produktu eta zerbitzuen ekoizpena helburu duten enpresa-proiektuak. Lehiaketak bi fase ditu: lehenengoan proiektua laburtuta aurkeztu beharko dute, formulario bat beteta, maiatzaren 19a baino lehen. Ondoren, bigarren fasera pasatzen direnek beren proiektuak sakonduko dituzte. Erabat landutako proiektua aurkezteko eguna 2014ko ekainaren 6a izango da.
Iturria: MONDRAGON.edu