Langileen parte-hartzea handitu nahi duten enpresendako jardunaldia antolatu dute.
Debagoieneko Mankomunitateak, MIK ikerketa zentroarekin elkarlanean, enpresendako jardunaldia antolatu du egubakoitzerako, hilak 29. Hain zuzen, enpresan langileen partaidetza handitu nahi duten enpresei dago zuzenduta.
Debagoienean egitura sozioenpresarialean langileen partaidetza indartzeko lan-ildoa martxan dute Mankomunitateak eta MIKek. Programa horren barruan antolatu dute jardunaldia. Helburua da langileen parte-hartzeak enpresetan izan ditzakeen onurei buruz gogoeta egitea eta parte-hartze prozesuak lantzeko enpresek eskura dituzten tresnak zeintzuk diren azaltzea.
Honako hau diote antolatzaileek: "Gaur egun enpresa txiki eta ertainek erronka handiei egin behar diete aurre; berrikuntza, internazionalizazioa, IKTak, trebakuntza, finantziazioa... Jakina da, langileei enpresaren arlo ezberdinetan parte hartzeko aukera eskainita erronka hauei aurre egiteko bideak erraztu daitezkeela".
Jardunaldia 09:00etatik 10:30era izango da, Mankomunitatearen egoitzan (Nafarroa Etorbidea 17, Arrasate). Honako programa hau izango da: lehenengo, proiektuaren aurkezpena egingo du Garapen Agentziako arduradun Koldo Azkoitiak; gero, Zer da Partaidetza? Egungo errealitatera hurbilketa bat izeneko ponentzia egingo du MIKeko Begoña Arregik; segidan, partaidetza bultzatzeko laguntza publikoez egingo dute berba SPRIko Josu Okarizek eta Foru Aldundiko Oscar Usetxik; eta galde-eskaeretarako tartea egongo da bukaeran.
Izenematea zabalik dago honako loturan. Argibideetarako, bidali mezua airizar@debagoiena.eus helbidera.
Iturria: GOIENA.eus